sábado, 30 de julio de 2011

Irratia eta ni

Ohiko egun eta leku batean piztu zitzaion burutazioa eta auskalo zergatik lotu zituen bere azken gustu musikalak bere haurtzaroarekin. Beharbada, adinean aurrera goazen neurrian atzera begirako ikuspegia aberasten  doalako edo…baina, hor konpon, oroitzapenari lotutako emozio leun gozo horri eutsi zion eta izen bat heldu zitzaion burura:
Patricia. Bai…amari nire gustuko kantua zela esaten nion. Pérez Pradorena, bai… eta Xabier Cugat, Mambo nº 5, Carlos Acuña, Carlos Gardel hilda zegoelako, Miguel Aceves Mejía… Jorge Negrete ere jadanik ez zegoelako. Hara nola azaltzen diren izen hauek denak tropelean! Amak musikaren bila ibiliko zen  oso umea nintzenetik… balbulatako irrati handi eder hartan, altaboza oihal magiko hartaz estalita zuena eta begi berde keinulari hura zuena”
Oroitzapen hark mugiarazita ohiko beste zerbait egin zuen oroitzapenetatik askatu nahirik edo… baina alferrik:
“Eskolatik etorri eta belarria transistore txiki hari itsatsita ikasten nuen: A ze abilidade! Baina haren bidez jantzi nintzen kanpoko musika guzti hartaz (EEBBetako Atlantic nahiz Tamla Motowneko arrakastak, Britainia Handiko rock berri guztia, Frantziako eta Italiako kantariak). Radio Andorra ere entzuten nuen… ze esaera bitxia zuen aurkezteko. Ze urte izango zen? Mmmm, nerabea nintzen, ziur, musika horiek 1966-69 bitartekoak dira eta.”
Nekatu bezala egin zen oroimenari hainbeste tira eginda edo. Halere, geroxeago ohartu zen gustura murgildu zela antzinako kontuetan barrena eta ohiko beste egun eta leku batean deitu zien ohikoak ez ziren antzinako kontuei:
“Uhin ertainean entzun nituen emisora haiek, gauez, egunez ezin zen eta. Engantxatuta nengoen… irratiak egiten eta konpontzen  ikasteko posta bidezko ikastaro bat ere egin nahi izan nuen! A, uhin laburrean ere sartzen nintzen: interferentzia artean Radio España Independiente Estación Pirenaica, Mosku edota Pekin irratiak, ni bezalako gaztetxo batentzat oso erakargarriak ziren… halere, amak kanpoan inorekin halako konturik ez aipatzeko esan zidan, baina kolegioan, Urliak Radio Euzkadi ere entzun zitekeela esan zidan, baina ez nuen aurkitu inoiz.
Beranduago, Radio Paris gaueko 11etan gaztelaniaz ematen zuen albistegiagatik entzuten nuen. Eta Radio Luxembourg (London W1), abesti berriak edo ezezagunengatik. Noizean behin “Caravana Musical”, Angel Alvarezena entzun eta ingelesez ulertzen ez genituen kontu batzuen berri izaten genuen musika lagunok.
Noiz entzungo nituen lehen hitzak euskeraz irratian? Arrate Irratian eta Herri Irratian. Nork esango zidan orduan…
FM ren ezarpena, berrien aztean zer egon zitakeen igartzen laguntzen zuen esatari trebe eta estimatu hura, nire euskera ikasi berria osatzeko aukera, euskarazko abestiak,…”
Irribarre bat ireki zaio aurpegian, bihurri aurpegia ere jartzen ari ez ote zaion iruditzen zait. Zer pentsatuko zuen buruan halako argitasuna pizteko!
“Oraindik nire ondoan dago irratia: goizero jaiki ondoren eta eguerdietan albisteak, noizean behin bidaia programaren bat, etengabeko musika duten emisorak autoa hartzen dudan bakanetan. Je, mugikorra ere irratiarekin hartu eta erabili dut irrati bezala behin baino gehiagotan… podcast bat zer den eta nola jeisten den ere aprobatu berri dut. Ez dakit nik bera maite dudan ala berak ni… baina elkarrekin gaude!”

No hay comentarios: