martes, 28 de mayo de 2019

Woodstock eta hippiak direla eta, haren 50.urteurrenean

Orain 50. urte gertatu zen Woodstock musika-jaialdi erraldoia, 1969ko abuztuan. Mitiko egin da, eta, harekin batera, hippien mugimendua aipatu ohi da beti.

Haren oroigarri
Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioak programa berezia egin zuen sasoi hartako rock musikariak ginen “Sombras Azules”-eko Jesus Aranberri eta “Expresión Sonora” eta gero “Koska”-ko Gabi Agirregomezkorta eta biokin, batetik, eta oraingo belaunaldiko eta “Arima Beltza”-ko nahiz bakarkako musikaria den Jon Gurrutxagarekin. 


Irratsaio hark bere helburua bete bazuen ere, gehiago esateko gogoarekin izuli nintzen etxera:

  • Woodstockeko jaialdia 1969an egin zen, eta sonatuena izan bazen ere,  izan ziren beste batzuk ere bai: Monterrey-koa (1967/06/18an)
(Irakurri abesti honen letra Youtuben)

eta Wight-eko uhartekoak (1968-70), besteak beste.


  • Nire ikuspuntutik rock musikaren funtzioa eraldatu zen. Bere hastapenetan  eta 60en hasierara arte dantzarako musika izan bazen ere (adibidez, ikus The Beatles-en Hard Day’s Night filmeko zenbait unetan edo rock´n rollaren sasoiko bideo-klipak) , hamarkada horretan urruntzen da dantzatik kontzertu formatora. Musika beltzak  (soul, funk, ...) jarraitzen du, ordea, dantza-musika izaten
1960 hamarkadan beste aldaketa asko ere ematen dira:
  • Mendabalean gerraondoko giro estuan jaiotakoek beste “zerbait” bilatzen dute: ekialdeko filosofia (yoga, meditazioa, ...).Errealizazioa kontzeptua indartzen da. Ildo horretatik, droga berriak jarri ziren modan.  Horri buruzko liburu eta kantuak, musika estiloak, etengabe azaldu ziren. Adibidez, Juan Castanedaren “Las Enseñanzas de Don Juan” liburua eta bildumako beste laurak. Espainian zegoen zentsurak kontu handiz iragazi eta atzeratu zituen.
  • Ameriketako Estatu Batuetan egoera kritikoagoa bihurtzen da 1955etik 1975 arte bertako gazteek Vietnam-go gerlara joan behar zutelako.  Horrek rockaren erreibindikazio papera indartu zuen berriro.
  •  Hippien mugimendua giro hartatik sortu zen AEBetan.  Maitasuna eta bakea helburu bezala eta loreak ikur gisa, bide berriak urratzeko askatasuna erdi-erdian aldarrikatuz, tartean, maitasunaren ikuspegi berria. Sexu eta droga-gehiegikeriak, ile luze eta narrazkeriaren ikuspegia  zabaltzen zuten, hemengo komunikabideek behintzat, haiek aipatzean. Arazoa AEBetan gazteek gerlaren aurka zabaltzen ari ziren mezua ere bazen. Maitasuna eta bakea gerren aurkako jarrerak ziren, hasieran gerrari uko egin nahirik. Bizitzeko era alternatiboak bultzatu ziren, naturarekiko harremana bilatzea, elkarrekin bizitzeko komunak, artisautza lanbide bezala, sendagai eta terapia alternatibak, jateko era ideialek (begetarianismoa,  makrobiotika, ...) harrera ona izan zuten. Hortik etorriko ziren, nire ustez, janariaren kalitatearekiko gaur egun dagoen ardura, eta ekologismoa. Euskal Herrian sasoi horretan hartu zuten indar berezia kooperatibek eta euskera bultzatzeko mugimenduak (gau eskolak, ikastolak, folk kantariak (Ez Dok Hamairu) 
  • Mugimendu honi kontrakultura deitu zitzaion eta aldaketa handiak aurkeztu zizkion munduari, estatuen formen aldaketetan edo iraultzetan sartu gabe. Adibidez, The Doors-eko Jim Morrison kantariaren bizitza irakurri eta murgil daiteke pittin bat mundu-ikuspegi hartan. Drogek hainbat musikari liluratu zituzten beren lan berrietarako  sormen-tresna bezala. Zuzeneko ekitaldietan ez zen hain bikain geratzen.
  • Geroago garatuko diren aurrerapen teknologikoak eman ziren: esplorazio espazialainternet, lehen konputadorak (ordenadoreak), laserra, audio-kasetea, organo-transplanteak, ...  Musikari dagokionez, anplifikazio sistemak aurreratzen dira. Horri eskerrak egin ahal ziren musika-jaialdi haiek, baina horri eskerrak erreproduzitu ahal izan ziren musika-grabaketak (binilozko diskoak) kalitate onez. Diskotekak deitu ziren eta zuzeneko musika baino merkeago gertatzen zaie dantzatokien jabeei. Horrek musikari interpreteak bazterrean utzi eta musikan aritu nahi zuenak bide sortzaileagoak urratu behar izan zituen disko bidez ezagutarazi eta kontzertu bidez entzuleekin komunikatzeko.
  • AEBtik musika arloan eta ideologikoki Californiako estatutik zetozen aldaketa-haizeak orduan. Hortaz, rock eta pop musika, aldiz, Erresuma Batutik ezezik, AEBetatik ere etorri ziren, musika beltza ere barne, horrela Frantzia eta Italiatik etortzen zen abesti korrontea zeharo ahulduz. Musika egiteko eredu edo patroi berriak azaldu ziren, blues zuria eta (John Mayall and The Bluesbreakers, Cream, taste, Jimmy Hendrix...) , adibidez, abestien askoz iraupen luzeagoak batzuetan, lehen sintetizadoreak erabiltzen hasi ziren, kantu berean tenpo eta erritmo desberdinak, formazio anitzeko taldeak azaldu, hirukoteak edo orkestra tamainukoak, estilo fusio berriak ere egin ziren (adibidez hainbat arrakasta izan zuen Santana-rena). Teknologiaz ere baliatuz, gitarra elektrikoak tinbre distiratsuagoa lortzen du eta protagonismo betea erakusten du.

  • Sormen handiko eta ideialismo handiko sasoitzat joko nuke aipatutako guzti honengatik eta 1970 hamarkadan zehar hedatu bazen ere, munduko gizartearen oso aldaketa bortitz batez bukatu zen 1980 hamarkadaren hasieratik bertatik, baina ez da hemengo gaia.

Bukatzeko, Wodstock-eko galdutako kontzertua deitzen dutena jarri dut ondoren: 


No hay comentarios: